Aurrekariak

Urte hauetan guztietan, gure norabidea, diskurtsoa, praktika eta estrategia politikoa zehazteko iturburu nagusia emakume abertzale eta feministen artean elkartzea izan da, batez ere, Emakume Abertzaleon Topaketa Feministetan. Ez gara horretara mugatu, baina etenik izan ez duen elikagaia izan dira momentuan momentuko egoerari erantzun dioten hausnarketa espazio horiek. Hauek dira orain arteko mugarri nagusiak:

    1. Emakume Abertzaleon l. Topaketa Feministak (2001): Leitzan. Euskal Herriko emakumeen egoeraren inguruko azterketa egin eta borroka feministan egon zitezkeen beharrak identifikatzen saiatu ginen. Bertan, dinamika berri bat sortzea erabaki genuen.

    2. Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorrera (2002).

    3. Emakume Abertzaleon II. Topaketa Feministak (2003): Eibar. Emakumeok gure gorputzetan bizi genituen zapalkuntzak identifikatu genituen eta beharren araberako lan ildoak zehaztu. Bilgune Feministaren jarduna bost eremu estrategikotan kokatu zen: hezkuntza, kultura, sozioekonomia, instituzio publikoak eta komunikabideak.

    4. Emakume Abertzaleon III. Topaketa Feministak (2005): Bilbo. Euskal Herria bake prozesu baten atarian zegoen, eta gatazka politiko armatuaren konponbiderako espazioetan emakumeon parte-hartzea eta berau bermatzeko neurri espezifikoak landu eta exijitu genituen.

    5. Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministak (2009): Tolosa. Feminismoaren instituzionalizazio basatiaren aurrean, identitate feministen inguruan eta Euskal Herria feministak behar dituen subjektuen gainean hausnartu genuen. Teoria eta praktika uztartzeko beharra azpimarratu zen bertan.

    6. Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministak (2012): Leitza. Hamaika egiteko ari gara lemapean. 10.urteurrena ospatzeaz gain, eremuz eremu genituen erronkak partekatu eta estrategia berregokitzeari ekin genion.

    7. Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak (2014): Ondarroa. Jostorratzak dantzan ditugu Euskal Herriaren burujabetza feministarantz. Bertan, XXI. mendean, sexu/genero ikuspegitik arlo frankotan gertatutako aldaketa prozesuen diagnosi konpartitu bat egin genuen, Euskal Herrian eta feminismoan izandako aldaerak ere partekatu genituen, eta aldagai guztiak kontuan hartuta, gure estrategia gaurkotu genuen. Euskal Herriaren burujabetza ipartzat hartuta, trantsizio feministaren oinarriak eta aurrera begirako erronkak eztabaidatu eta kolektibizatu genituen.

Gaurdaino egindako ibilbidearen zertzelada batzuk besterik ez diren arren, ezinbestekoa da horiek gogoan izatea, trantsizio feministaz aritzeko.